XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Uretara!

Saguek ez naute izutzen, ez eta armiarmek ere...

Ilun beltzean egon naiteke, amesgaiztoak egin ditzaket... berdin zait.

Baina... ura hastiatzen (gorrotatzen) dut!

Beti ito beldur nabil.

Burua galtzen dut, garrasika hasten naiz... egiazko nini bat bezala!

Noski, ez nuke nahi lagunek horrela ikus nazaten.

Eta egun, eskolan... madarikazioa!

Hona non Andere Gantxior, gure andereñok hauxe jakinarazten digun:

- Berri ona, haurrak!

Hemendik aurrera, astearte goizetan igeritokira joanen gara.

Bainu-jantzia, oihal bat eta burukoa ekarri behar dituzue.

Pozik, haur guziak berehala kokorazka hasten dira.

- Zer aurpegi txarra duzun! esaten dit Elorrik.

Bai, badakit, zurbila (zurpail) egongo naizela, eta ez naiz lasaituko bostetako txirrinak jo arte.

Aita nire zai dago eskolako atean.

- Zer aurpegi txarra duzun! dio berehala.

Zigortu egin zaituzte?

- Ez, ez...

- Ariketaren batek nardatzen (kezkatzen) zaitu?

- Ez, ez...

- Nahi zenuke goxoki bat erostea?

- Ez, ez...

Oraingoan bai somatzen du aitak zerbait berezi gertatzen dela.

Boza aldatuz, galdegiten dit:

- Esaidazu zer gertatzen den, ene puxka...